XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AITA PEDRO ANTONIO AÑIBARRO (1748-1830)

Luis Villasante, euskaltzain osoa

Ehun eta hirurogeita zortzi urte betetzen dira aurten Aita Pedro Antonio Añibarro hil zenetik.

Bizkaiko Villaro edo Areatzan jaioa zen (1748an). Zarauzko gure komentuko herri-misiolari eta euskal idazle ospetsuen artean berau izan zen lehenengoa.

Aita Larramendik esango digu Zarauzko misiolariak izan zirela garai hartan euskera bat onartzeko modukoa erabiltzen zuten bakarrak.

Baina Añibarro, euskeraz idaztean, ez da beste euskal idazle batzuen morroi galditzen.

Idatziko du bizkaieraz, gipuzkeraz eta bai nafarreraz ere.

Hiru hauek dira berak euskeraz idaztean erabiliko dituenak, baina berak nafarrera deitzen duena, esango genuke guk gaur lapurtera deitzen duguna dela.

Hiru euskalki huek beraz: bizkaiera, gipuzkera eta berak nafarrera deitzen duena, sakonki ezagunak zituen Añibarrok.

Lapurdikoa bere izenaz aipatu ordez, Nafarroakoa deitzen du.

Axular bizkaierara itzuli zuen, baina, jakina, orduko egoeragatik argitara gabe gelditu zen gerra zibila eta nahasteengatik, alegia (gure egunotan zati bat azaldu zen RIEV-en).

Ez da Aita Larramendiren hitz berrien zale, herri-hizkeraren zale da areago.

Eta horretan begi zorrotza zuela erakusten du.

Añibarroren lan argitaragabeak aztertzen direnean, maitekiro eta arretaz idatziak izan direla ikusten da.

Baina itzul gaitezen Añibarroren bizitza-gorabeherak laburki kontatzera.

Zarauzko gure komentuan bazen euskal misiolarien etxea, eta, erdera baztertu gabe, bereziki euskal prediku eta misioak Euskal Herrian egitera emanak ziren fraide haiek.

Eta, hain zuzen, Aita Añibarro izango da misiolari horietan lehenengoetakoa Aita Añibarrok, bada, 1790 urtean eskatzen du eta bai lortzen ere, Zarauzko kolegiora joatea.

Eta han egongo da hil arte. Eta handik joaten zen Euskal Herrian zehar predikuak eta misioak ematera.

Urte horiek baino lehen, non egon zen, ordea?

Haurtzarotik hasita, esan dezagun ama bilbotarra zuela gure Añibarrok. Aita, bai, Zeanurikoa zuen.